2011/2012 "HAZPARNE XAHAR BERRI" LAPURDI IRRATI-ko EUSKARAZKO KRONIKA-tik PEDRITO LOPEZ DE LA VEGA : HAZPARNEKO MISIONESTEN BURUZAGIA IZANA | Jadanik aipatu ginintuen Hazparneko Misionestak, nola, Hazparnen, eraiki zuten beren lehen kapera, 1824ean, Jean-Baptiste Garat zutelarik Zuzendari. Kondatu dautzuegu ere nola, 1928an, Misionestek erabaki zuten Bihotz Sakratuaren Kapera berria eraikitzea. Ordu hartan, PEDRITO LOPEZ DE LA VEGA zen, Misionesten buruzagi. Apez hau nor zen kondatuko dautzuet orain, Jean Baptiste Etcheverry Misionestak beren idatzietan kondatzen daukun moldean.
« Nahi dut, ene misionest denborako Superioraren izena, arras burrunbatsua zela, kasik hitz bakotxa jakituz eta agurkatuz erraiteranokoan. Gehiago dena, jaun horri zoakon deitura, egokiena. Halakoa baitzen, patxada ederreko gizona. Bainan, itxura guzien gatik, hain zen ona eta gozoa ! Laster sartu ginen gure baitan, ikusi ginuelarik lehen aldian. Aiaia, fera-futro zoala, hastapeneko farrasta lotsagarria, larderiazkoa... Haundia zen, sorbalda batzu murru paretaren idurikoak.
Lapurdiko pilota plazetan, haren bote bihurriek, bai eta ere, araberako errefera heiek, eskuzarta ederrak altxarazi dituzte, apez-gaia zen denboran. Ez zen sekulan kasik azken fineraino unatzen, partida guziak irabazi beharrez.
Haren begitarte arrai eztiak eta, oroz gainetik, haren ateraldi sendimendutsuek, bazituzten beren ondorio salbagarriak. Bazakien, nor berari hitzaldi sarkorren adiarazten, alegia deusez, hein bat naturalki. Noizean behin, maleziazko ñirñira gozo bat begietan... Dezagun erran oraino, nun nahi eta laster egiten zituela adixkideak. Bihotzetik bihotzerat doatzin solas funtsezkoeri esker. Ez baita harrigarri beraz, denbora laburrez, egin-arazi bazuen, eta azken arditeraino pagatu, obra espantagarri hau : Bihotz Sakratuaren ohoretan altxatua izan den Hazparneko kapera.
Horien gatik, etzinukete uste izan behar, gure LOPEZ DE LA VEGA etzela sekulan bere hartarik kantitzen, jazartu gabe, beti ixil eta borobil, ororekilakoa egin beharrez griñatua, atso-hitzak erraiten duen kontuan : "Aldakor dena, haize guzietarat erorkor". Etzen piru hortakoa. Bazakien, behar-orduan, bizi bizia mintzatzen. Nihaurek ikusi nuen egun batez, doi bat sumindua, politika hortako gora-beherez. Behar ederrez ! Bainan mundu huntan bada denetarik : tonto ta abil, pizu ta arin, buru bezenbat aburu, edo pentsatzeko manera ! Zuk ikusi nahi eztuzun saltsa hortarik, janen dautzu bertze batek, erriak milikatuz. Bizkitartean, oro-har, politikan dira kausitzen gataska bortitzenak. Zilko-zuriak saka, papo-gorriek errefera. Hi bahiz eta ni banuk ! Bota beretik eta Hordago-kanta !
Dena dela eta, trufak apart, arras errepublikanoa ginuen gure Superiora. MENDY, misionesten moltseroa aldiz, arras erregetiarra. Uste gabetarik bezala, hasi ziren aharran gure aintzinean : "Mon pauvre Mendy, votre Maurras est un païen intégral, dangereux !" "Mon pauvre Supérieur, votre Marc Sangnier est un républicain néfaste... (eta, diotenaz), un franc-maçon !"
Xoriak zer den ageri du lumatik, idiak adarretik, gizonak eletik. Eta, hantxe, hasarre gorrienean, gure bi kargudun horiek ere kanporatzen zituzten barneko arrangura minak. Beharrik han ginuen, DUHALDE, zentzu handiko baketiarra. Mintzatu zen eztiki, gozoki : "Jaunak, etzi balio hola kexatzea. Nik etzit politikan gauza haundirik konprenitzen. Bainan betiko erran zaharra hau duzu : bi gizon hasten direlarik politikaz kestione gataskan, horiek iduri dutela, bi kasko pelatu, orraze baten gainetik makurtiak !"
Denak irriz hasi ginen eta, oroz gainetik, bi lipiztari kontrarioak. Aldi huntan segurik, etzen konplitu erran zaharra : « Apezen arteko lizkar eta eztabadak, debruaren jokoa eta eliza-pestak ! »
Bigarren ixtorio hau kondatu zautan, Pierre CAMBLONG, misionest lagun adixkideak. Alemanak etorri ziren Hazparnerat, 1940-eko urtean. Horien armadako aintzindari bat badoa misionestegirat. Begi tzarra du, bekainak kopetaren erdirat bilduak. Boz idor bat. Zer behar du ikusi harat heldu den LOPEZ de la VEGA-k ?
Han dago Superiora, kara fierrenean, bere begi pinpalet eta zorrotzak landatuak gomitik gabeko pestalierrari buruz. Hunek uste zukeen ahur-hixtu batez, bere oinetara bilduko zituela frantses oilo-busti herresta guziak. "Heil Hitler ! Moi, prendre maisson pour 50 soldats aléman ! France caput ! Après Angleterre caput, Churchil caput ! "
Bainan laster pikatu zion pirua LOPEZ jaunak. Odolak jauzi egin zionetz espantu horiek aditzean ? Edo ximixta zarrazta bat sumatu buru fuñetan ? Gisa guzietarat, demendreneko lazturak ez diozka zainak hartu, are gutiago zintzurra tapatu. "Vous ! Rien du tout ! Moi, le Patron, le Supérieur, le Chef de la maison. Moi aller Komandantur ! Moi écrire Pétain ! Vous partir ! Moi rester !"
Bizkitartean, han dago delako aintzindaria. Hastean bezala, irri faltsu tzar bat ezpain zokoan, hots ! beti berdin furfuriatsu... Orduan etsi-etsian, begiak sutan eta oihu marruma batean : "Moi, PEDRITO LOPEZ DE LA VEGA, moi HITLER ici, moi le FÜRHER ici ! Vous rien !!"
Bazuen aski erranik aldi huntan. Zapeta-klaska haundi bat, sekulako soldado agurra, eta zalu-zalua lekuak hustu zituen tropetako aintzindariak.
Horra beraz xehetasun bakar batzu LOPEZ DE LA VEGA Superior zenaren goresteko. Gogoan atxiki behar ginukena, jaun horrek bere dohain aipagarriak itzuliak zauzkala ongiari buruz. Kalitate gutiagorekin higatu dugu gure bizia. Bainan zer munta du ? Jainkoak badaki gure ahulezien berri.
|
|  JEAN-BAPTISTE OSSINIRY MISIONESTA HAZPARNEKO KOLEGIO-KO BURUZAGI IZANA | Hazparneko Misionesten gai hortan, egun aipatuko dautzuet, nor zen, Jean-Baptiste OSSINIRY, Apez argitu bat, orotaz haundizki estimatua zena, Jamattitt Etcheverry, bertze hazpandar Misionest idatzien arabera.
« Ez nuke airerat mintzatu nahi apez hori aipatzean, dio Etcheverry Misionestak. Halakoa zen bera, xuxena, delikatua eta kartsua. Deramagun beraz, solasa, mailka, iraziz eta izariz.
Misionesta zen, gure ikastetxeko buruzagia. Untsalaz, behar nuke erran, zoin lorioski bururatu dituen bi kargu horiek. Bainan, haundixkoa Iitaike ahamen hori ! Bizkitartean, hurbildanik ezagutu duten guziek aitortu dute, Eskual-Herriak galdu duela bere apez argitu, eta kartsuenetarik bat.
Berak, etzituen deus guzitan onhartuko solas gisa horiek : hain baitzen ixila eta gordea. Bainan, halarikan ere, hartaz mintzatuko gira, duda mudan egon gabe. Hura bezalako apez saindu baten etsenplu, ibil-molde ederrek ongiari buruz, sustatzen dute gu bezalakoa...
Bere biziko denbora gehiena, eskola emaiten iragan du, OSSINIRY Apezak. Izana gatik jakintsun haundi eta adimendu zorrotzekoa, berrogoi-ta-sei urtez arizan da arta haundienarekin, hamar-hamabi urteko haurren eskolatzen. Gaude, ote zuen parerik lan hortako, ingurune hautan. Etzen sekulan galduko, han nunbait, ezin helduzko kasko batzuetan, bainan, bere argi guziak jauts arazten zituen haurren menerat. « Haur bakotxak badu bere gisako hartzea. Baditu haren adimenduak ozka bereziak, heietan behar baitzaio helarazi bere alha, batere lotzekotz”, zion berak.
OSSINIRY jaunak, hein bat ederki ahamentzen eta xehatzen zuen, haurren izpiritueri zoakoten hazkurria, erakaspen gorenak sar-araziz, konparantza eta itxurapenen medioz. Eta haren karra, erakusteko! Buru ahul, ikasle hurriek berek, etzuten lokartzeko lanik. Ez bazter, bide xuxenetik! Bertzenaz, kasu, mehatxu eta haize galernari. Burua torra, ezpainak tinka, begiak itzul, pindarra zariola abiatuko zen, apez gaixoa! Damurik ginen gutixko kilikatzen, ginakielakotz dena bihotza zela eta hein batean geldituko zirela, aipatu ortzi-ximixtak.
Izpirituaren argitzeaz bertzerik bilatzen zuen oraino, OSSINIRY jaunak. Sortzetikako dohainak eta geroztik ikasiak, oro, Jainkoari itzuliak zauzkan. Haren gogoa eta bihotza, goiti zagotzin idekiak, zabal-zabala. Eta hortakotz, gisa guzietarat bermatu da, Jainkozko amodio sainduaren pizterat haurren arimetan. Katixima denboran bereziki mintzo zen, Jainkoari zor dugun amodioaz, haur guziak ginauzkala ahurrean bezala, begiak harmaturik hari beha landatuak.
Ixtudianteri bezala, bertze girixtinoeri ere ongi ederrik egin du. Zonbait kontseilu zuhur emanik joan da, orduko gaztek, zahartu-ta ere ez ahanztekoak.
Hazpandarrek bereziki estimu haunditan zaukaten, berek zioten bezala, "OSSINIRY saindua". Etzen ustegabetarik hola entzuna jendetan. Otoitz egile kartsua, bere apez eginbideeri errotik jarraikia. Egundaino ez dugu aditu apez hori, hitz baten erraiten norbaiten mendratzeko. Orori zerbait eskualde onik hatzemaiten zeien. Zinez mintzo baitzen, eta ez batere aho berokeriaz. Jende herratsua, orotaz arrangura da : itzalik baizik ez du ikusten bertzetan. Herra ikatzaren pare da : erretzen ez badu, beltzatu behar du. OSSINIRY harek aldiz, arimak maite zituelakotz eta berak, arima osoki ona zuelakotz, eder ikusten zituen banazka, oro.
Bertzalde, haren gogoa, maizenik eta goxokienik, gutarteko jendearekin zen. Tuntik etzen haundikaria, nor nahirekin eleketa gelditua Hazparneko karrikan. Betidanikakoa zuen lañotasun hori ; bakotxari zur beretik ziria emanez, bainan beti ele ona, buruak eta bihotzak manatzen zioten bezala.
Misionestegian sar-eta, bere lana zuen : kurutzearen bidea eta berdin, oren osoa belauniko Sakramendu Sainduaren aintzinean.
Azken zortzi ilabeteak ereman zituen, eritasun izigarri batek joa. Orduan ere, bere burua ahantzirik, bertzen onaz griñatua zen. Huna froga bat, bertze hainbertzeren artetik. Agonian sartzerat joan, jadanik begiak lano batez hartuak, azken indarrak bildurik, ezin eta ahalka, hatsaz beraz erran zauztan hitz hauk –dio, Jamattitt Etcheverri-k: « Emanen duzu... liburua... sainduen bizia holako mutilari... on eginen baitio... ». Geroztik etzen mintzatu. OSSINIRY maiteak, bere bizia eman zuen arimen salbatzeko. Bere azken hatsa eman eztiki, sainduki, begiak kurutzefikari buruz landatuak, kolejioko haurrak harentzat kaperan, Salve Regina-ren kantatzen ari ziren memento berean.
Azken hitz bat. Egun batez, Clément Mathieu, Uztaritzeko Superior eta Landesetako apezpiku gaiak erran zauzkidan, ezin ahantzizko solas hauek, –dio beti, Jamattit Etheverry-k : « Pour moi, le Père OSSINIRY est l'homme vénérable par excellence, le prêtre intégral, le saint prêtre. »
Ikusten duzuen bezala zerbait zakiena mintzo zen. Zinezko zilarkina baitzen, jaun hori, herronka hortako urrerian, joieria.
| |
|  LAURENT APESTEGUY HAZPARNEKO MISIONESTA IZPIRITU ARGITUA ETA IDAZLARIA | Hazparneko misionestak aipu ditugu azken mintzaldi hauetan ; egun, Laurent APESTEGUY Misionestaz eginen dugu emankizun hau. Donibane Zaharreko semea zen Apez hau, eta guziz famatua izan zen bere denboran, Izpiritu argia, pereikari gaitza eta idazle ezagutua. 1928-ko urtean zendu zen, 40 urtetan. Jamattik Etcheverry Misionesta mintzo da huntaz.
"Buru onak liburu ona balio du", dio erran zaharrak. Ah ! Segur, zuhur hitz horrek deplauki erakusterat emaiten dauku , nolakoak zitazken, APESTEGUY misionest zenaren dohainak. 1928 urteko, urtarrilaren 27an, APESTEGUY Misionesta zendu zenean, Jean ST-PIERRE, apezpikugai talendutsua bezain maitagarriak, idazten zituen hitz hauek : « Bazuen izpiritu bat zorrotza, hartze bat miresgarria, ikusiak oro beretzen baitzituen eta bere molde hartan inguraturik, argiago eta beroago agertarazten. Dohain eder hori zuen Hazparneko Misionestak, deneri emana ez dena, adibidez, nola sasipeko uzkinazoak, kirriskatuz adiarazten duen bere karranka motza, errexiñolak aldiz, bazter guziak airosten ditu, gurguria ezti, kantu-xaramela miresgarriaz. Hunen pare zen, Hazparneko misionesta.”
Pereikari gaitza, bainan ere, idazle paregabea. Mende hunen hastapenean, “La Croix” egunkariak muntatu zuen, 1910-eko urtean, zoingehiagoka bat arras Iaketa : helarazi zuen, Frantziako apez gazte guzieri, usaiaz kanpoko mezu hau : "Hea ba, zoinek eginen duen zuen artean artikulu, lerro-alde ederrena, erlisione sainduaren alde. Harek izanen du lehen prima".
Frantziako lau hegaletarik igorriak izan ziren gai hartako artikulu bereziak. Ordu hartan, APESTEGUY, bikari zen Donibane Garazin. Harek zendako ez ? — igorri zuen delako artikulua. Dudarik ezta irakaspen mamitsuenez orratua eta hizkuntza pollitenez troxatua zela, eskualdun bikari gaztearen lerro-aldea. Halako gisaz, nun ukan baitzuen, Frantzia guziko lehen prima, parez-par emana, Eugène Duplessy, paristar apez liburu egilearekin. Etzen beraz, APESTEGI-ren lana, ahurrean purtzukatzen den zerga paper higuina ! Egiari zor dut erraitea, -dio Etcheverry misionestak-, apez horrek kudeatu dituela, izkirioz eta kaseten medioz, gataska-eztabada batzu gatz-biperretan ongi kausituak.
Hala nola, HARRIET, Donibaneko uxerak bai eta ere, J.-P. BRANA, Lekuineko errientak, ukan zituzten torraldi batzu arras saminak. APESTEGI-ren lumak xixtatzen zuen segur, bainan eztu sekulan nihor larrutu ez kolpatu. Bertzeak bertze, arras zirtolaria omen zen. Misionest zaharrek kondatzen zituzten , haren ateraldi ziliportatsuak. Denak ezin aipa hemen, huna batto bederen.
Denbora batez, misionestegiko apez moltseroa, arras dorpea zen beretzat. Ohartu gabean, seguraz ere, etzen batere misionest lagunen mahainaz galtzerat ekarria... Zer ! Petiri Santz etxe saindu hortan ? Apez horiek iguzkia janari ? Etzitazken hortaratuak ! Bakarrik, GIEURE jaun apezpikuak zerbait lelo entzun zukeen. Etorri zen beraz Hazparnerat. Elgarretaratu zituen apez guziak. Eta itzulirik jaun ekonomari buruz, erran zion : « Ongi artatzen ditutzu bederen zure apez lagunak ?» APESTEGI-k eman zituen, nihork galdegiten etzituen argitasunak : « Monseigneur, gure jaun ekonoma saindu bat da, zeru-lurren artean bizi, lur huntako xeheteriez griñatu gabe. Aspaldi huntan, gure saieko arnoa ozpindua dugu. Igandetako kafe hori, misionest zaharren zapet jusez egina da. Eta gure oilaxko guziak, zaharturik hiltzen dira, hesi zokoetan. » Hitz horiek aditzearekin, deneri irria nausitu. Bai eta, gure etxe gizonak bertzelako xedeak hartu, eta haindik harateko hazbidea finkatu misionestegian.
APESTEGUY, zirtolaria zen, bainan bazuen nortarik hartze : bere aita ere eleketari pollita zuen. Ixtorio labur bat kondatuko dautzuet gizon horren gaiean. Misione bat predeikatu ginuen 1932 urtean, Donazaharreko herrian, dio Jamattit Etcheverry misionestak. Denak akabatu ondoan izan ginen, APESTEGUY zenaren aitaren ikusten. Adin ederra zuen : 93 urte ! Gure predeiku guzietan ibilia zen, dio beti, Etcheverry Misionestak. Ene misionest lagunak egin zion galde bat, bitzia bezain perilosa... «Apesteguy Jauna, zer diozu gure predeikuez ? » Eta gure xahar bipilak hitzetik hortzerat arrapostua : «Ah, pfut ! Ziek erran guzien gatik, berriz ezkontzeko prest nizala ! » Hatxemazue hori eta berokian ezar bonet azpian !
Zerk helarazi du, hoin gora eta denbora laburrez, Laurent APESTEGUY misionesta ? Oroz gainetik, fedeak eta laneko karrak. Gizonaren iturri garbiena hortan dago. Behin baino gehiagotan errana izan da : gizonak bere bete betea emaitekotz, ibili behar duela, eskuz-esku, Jainkoarekin. Nola ez gira beraz lehiatuko, misionest horren orhoitzapenaren artoski beiratzerat ? Ez dukegu baliosagorik, gure bidearen argitzeko eta gure urratsen ongiari buruz sustatzeko.
| |
|  PIARRES LARZABAL APEZA, HAZPARNEN BIKARIO IZANA, HAZPARNEZ ETA HAZPANDARREZ MINTZO" (lehen partea - Pedrito Choribit, Léon Itcia, Galarrotsak). | PIARRES LARZABAL Apezaz eginen ditugu, hemendik goiti, zenbeit emankizun. Hau luzaz Hazparnen egona zen bikario eta Hazparnen ere, muntatu zituen hainbat antzerki.
Piarres LARZABAL, 1915eko rnaiatzaren 5ean, sortu zen, Azkaine Mitxelenean. Aita, Alexandre Larzabal, Urruñako Olhetan sorturik , Azkainera etorria zen. Ama, berriz, Maria Carrera, Bidasoako Bera herrian sortua zen eta gero, Sararat jina. Biak, gazterik ezkondu ziren Mitxelenera, baina laster, 1914eko gerlak berexi zituen. Haur beharretan utzi zuen laguna eta gerlarat juan behar izan zuen. Maiatzaren 7an sortu zitzaioten, Piarres semea.
1926an, Hazparneko ikastetxean sartu zen eta han iragan zituen bi urte, Hiriart-Urruty Hazparne- Latsaldeko apezaren zuzendaritzapean. Hazparnetik lekora, Uztaritzeko seminarioan sartu zen eta ondotik, bizpahiru urtez, Donibane-Lohizuneko ostatu zerbitzuan lan egin ondoan, soldadugoa aitzinatu zuen Piarres Larzabalek eta, 1933ko udazkenean, Parisera deitua izan zen soldado. Zenbeit urte berantago, Gerlaren lehen urtetan, preso egon zen Alemanian. Handik gibeleratekoan etorri zen Hazparnerat bikario. Apez hunek, Hazparnez badu asko idatzirik, bereziki Hazparneko herri huntan ezagutu izan dituen zenbeit jendetaz. Idatzi horien bilduma laburpen batean berak kondatuko dauzkizue nor edo zer gertakari bizi izan duen Hazparne huntan :
« Preso tokietarik etorri-eta, Hazparnera itzuli nintzelarik, ez nintzen leku arrotzean sartzen, ez bakarrik 1939an apeztu orduko, zenbait aste han iraganak nituelakotz, bainan, haurrean, apez izaiteko xedea agertu niolarik Debidart erretorari, hunek Hazparneko kolejiora igorri baininduen eta han iragan bainituen, ikasle bezala, bi urte.”
*Piarres Larzabalek ongi ezagutu zuen PEDRITO CHORIBIT, huna zer erraiten zuen bere adixkide min huntaz :
« Hazparnera itzultzeko, banituen herri hortan aspaldiko ezagun eta adiskideak. Hala nola, Pedrito CHORIBIT nere eskolako laguna. Uztaritzetik landa, Chilen egona zen, han baitzuen bere aitak zapataintza handi bat. Bainan, osasunik ez izanez, itzuli zen sorterrira eta, bere izeba eta arrebarekin, etxen kokatu. Maiz ibiltzen nintzaioten ikusten. Haren arreba, Mayik, aski eskolatua baitzen, eta osoki euskalzalea, asko lagundu ninduen antzerki lanetan. Pedrito bera, gizon eder bat zen, harri edo zur lanetan eta margolaritzan artista ona: bazituen berak margoturik, Mirande erretoraren itxura eta Saint-Pierre apezpikuarena. Eta zimentaz oraturik, Bidarrai Erramundegiko Ama Birjina eta Hazparne Labirikoa bai eta, Basenerrekakoa. Bainan, jite bortitzekoa zen nere adiskidea: Gaitzeko kasailak iragaiten zituen bere etxekoekin. Hazparneko burgesia edo apezeria lotsarazten ere bazekien ordea. Geroxago, Donostiako alaba batekin ezkondu zen. Bere gaitza aldiz, fede handiarekin jasan ondoan, adin gordinean hil zen. Egia da gazte denborako lokarriak maiz iraunkorrak direla eta ongi heltzen ere biziko ordu latzetan. Hori gertatu zitzaitan nihauri, Pedrito CHORIBIT-ekin, Hazparnen iragan urteetan. Bainan bazekien, berak berdin egin zezakeela nerekin. Gau batez, haren arreba Mayi jin zitzaitan, asaldaturik, anaiak nahi zuela berehala beribil berria estrenatu; joanen nintzaionetz lehen ateraldia egiteko laguntzera; zer gerta ere, absoluzione emailea, ondoan, nahi zuen anaiak. Bastidako aldera jo ginuen beraz, gauez-gau, 150 bat kilometroko abailan. Osorik itzuli ginen, Jainkoari esker, Pedrito eta biak, nahiz biak izerdi lapetan. Horra nolakoa zen Pedrito nere adiskidea ». *Aipatzen zuen ere, LEON ITCIA jauna. « Aspalditik ezagutzen nuen ere, plazako Alzieta ondoan, Zikite karrikan, Léon ITCIA, pilotari ohia, oihal saltzen, Azkaingo gure etxeraino ibilia zena. Emazte on bat bazuen. Haurrik ez zuten, bainan usu beren etxean zaukaten, ni baino zahartxagoko beren iloba, neskatxa bat, oilandatzen hasia. Hazparneko ikastetxera etorri nintzelarik, maiz bazkaltzera gomitatzen ninduen Leon Itciak. Behin, ihauteriak baitziren, eta beraz Hazparnen behi lasterrak, joan ginen, Leonen iloba eta ni, behi lasterren ikustera. Debeku guziengatik, gehiegi hurbildurik behiari, animaleak itzulipurdika igorri ninduen. Ez zaitan behiak min handirik egin, bainan neska lagunak bi zaflako eman zaizkidan, ikas nezan obeditzen. Hazparnera bikari jin nintzelarik, nihaurek behar bainuen benedikatu Itcia ilobaren ezkontza, ene predikuan abisatu nuen haren senarra, kasu eman zezan bere andrearen zaineri, zein errex samurtzen zen frogatua bainuen, aspaldi lehen. »
*Gertakari latz bat ere gertatu zen ordu haietan Elizaberriko Auzoan, huna Piarres Larzabalek zer zion hortaz : « Galarrotsak». “Bertze antzerki mota bat antolatu zuten ere gazte batzuek, ni Hazparnen nintzen azken denboretan. Nere laguntzarik gabe, egia erran, nahiz gertakari horrek oihartzun izigarria izan zuen hedabideetan. Galarrotsen ohidura biziki zaharra da Euskal Herrian: lehen, alargun bat zebiletarik berriz ezkontzekotan, auzoko gaztek «zerga» berezi bat galdegiten zioten. «Zerga» hura zen, gehienetan, hunenbertzeko bat pinta arno. Bertzenaz, galarrotsak jotzen ziozkaten. Haurra nintzelarik, Azkainen, orroit naiz, galarrotsei jarraikirik: Jandarmak lasterka zabiltzan arramantza egileen ondotik, zeren nehork ez baitzezakeen begirik hets, harrabotsarengatik. Holako zerbait gertatu zen beraz, Hazparne Elizaberriko kartierean: alargun batek ez zion amore eman gazteriari eta galarrotsak muntatu ziozkaten. Gau guziez elgarretaratzen ziren, haren etxe aitzinean eta sekulako arramantza egiten zuten, edozein tresnarekin, atabal, untzi, kasa, turruta eta bertze zernahi. Bainan, ixtorioa gaizki bururatu zen aldi huntan: Tiro egin zuen norbaitek arramantza egileeri buruz; hil bat izan zen eta kolpatu bat bederen. Auzoko gazte bat, ehortzketako kurutzeketaria, akusatua izan zen. Jandarmek gelditu zuten, Baionara ereman, han zafratu, eta libratzearekin mehatxatu, joanen zitzaizkiola berriz galdezkatzera eta bere krima aitorraraztera. Ondoko egun batez, ikusi zituelarik jandarmak, etxeko alorra goiti heldu haren bila, etxetik ihes egin zuen gizon gazteak eta, oihanera joan zen, bere burua urkatzera. Berri lazgarri horietaz jabeturik, Pariseko kazetari zirtzil batzu etorri ziren Hazparneraino, beren zozokeriez apaindurik, berri «arraro» horien saltzeko gero irakurleeri eta, lurra baino beherago ezartzeko gure gazteria. Hasi ziren mutil gaizo batzuen edan-arazten, heien, hilerrietara eremaiten eta han , argazkitan hartzen, hots, beren zinema antolatzen. Hortakotz, gure gazte batzu elkartu ziren eta erabaki zuten kazetari horietarik bat behar zutela bahitu, oihan beltzera ereman eta, minik egin gabe, larrugorritan utzi. Hazpandarrek beren xedea bete aitzin ordea, Paristar guziak, menturaz norbaitek abisaturik, itzuli ziren Parisera. Elizaberriko gainetan gertatu ixtorio ilun horrek orroitaraz zezakeen kartier berean gertatu bertze gertakari triste bat, Plumagaineko premu galerianoaren ixtorioa, nihaurek «Bordaxuri» antzerkiaren gai hartu nuena.”
| |
|  PIARRES LARZABAL APEZA, HAZPARNEN BIKARIO IZANA, HAZPARNEZ ETA HAZPANDARREZ MINTZO (2garren partea - Erramun Idieder, Manex Arbeletche, Laurent Ayerza) | *Piarres Larzabal Apeza zauku oraino mintzo. MIRANDE Hazparneko Erretor ohiaren denboratik hasten da egungo emankizun huntan :
« MIRANDE jaun erretoraren laguntzera etorri nintzelarik, apez lagun frango aurkitu nituen herrian. Ez naiz mintzo Hazparnen sortu apezez, baitzen heietarik frango toki askotan, bainan bai, Hazparnen berean, parropian, kolejioan, misionesteian edo auzo herrietan, denbora hartan, lan egiten zutenez. Ez ditut hemen zenbait baizik aipatuko, nahiz bertze batzuekin maizago kurutzatzen nintzen, hala nola, Dohoztiriko Moulier Oxobi edo Gerezietako Elissalde Zerbitzari, bi euskaltzain arrantzale kideekin.» *ERRAMUN IDIEDER, berantago Hazparneko erretor izan zena, aipatzen du orai. «Hazparnen izan ditut zazpi bikari lagun. Heietarik lehena, ERRAMUN IDIEDER, Orzaiztarra sortzez, euskaltzalea, bainan ez abertzalea; guziz frantses eskuinaren aldekoa. Bihotz ona zuen eta ez zen demendrenik maltzurra. Aitortu behar dut, Hazpandar jauntto batzuek nere kontrako jukutria bat muntatu zutelarik, apezpikutegiko inguruetan, Idiederrek ninduela abisatu, aski goiz, ene burua defendatzeko gisan. Bertzalde, muslaria, eta pilotaria ere, zen, bainan bi jokoetan berdin zikanatzailea. Behin, Hazparneko trinkete zaharrean, pilotan ari izanik, gaitzeko kalapita izan zuen, kasik joka hasteraino, Ximun Duhour, orduan istudiant zen gazte batekin. Bertze ixtorio bat gogoratzen daut oraino, Idiederren orroitzapenak: gizon xahar bat hil zitzaikun Urkoiko mugan, Mendia izeneko etxean. Orduan, norbait hiltzen zelarik, ehortzketen bezperan, auzoko bi gizonek hilaren etxera eremaiten zituzten, kurutzearekin batean, biharamuneko apezaren eliza atorra eta estola. Hola egin zuten hor ere. Ehortzketa egiteko nere aldia baitzen, biharamun goizean joan nintzen hilaren bila. Elizatik urruneko etxeen ohidura zen bezala, eskaini zaitaten askaria eta ni askaldu. Gero, hango emazte xaharrari eskatu niozkan apez jantziak, bainan puska horiek neretzat zirela entzutearekin, xaharra harritu zen: Hilari soinean emanak ziozkan, kutxaren barnean, ustez eta haren beztitzeko ziren. Karrikako lehen etxeetara heltzearekin, bertze apez bat etorri ohi baitzen bidera beretterrekin, egun hartan Idieder etorri zitzaitan. Ni ikustearekin, elizako jantzirik gabe heldu, ez zen guti harritu. Bi hitzez salatu nion zer zen gertatzen: «Hiri baizik ez duk holakorik gertatzen!» zaitan komentatu. Elizan sartzean, bertze musikarik zen Jaun erretorarekin, hunek nahi baitzuen, hilerrietan hil kutxa idekaraz nezan, eliza jantziak berreskuratzeko. Ez adituarena egin nuen. Sekula noizbait norbaitek puska horiek aurki balitza lurpean, jakin beza, apez beztiturik kausituko duen gorputza, ez dela batere apez batena, bainan Mendia izeneko laborari xahar batena. Geroztik, Erramun Idieder bera ere, Hazparneko erretor egonik, Donibanera erretiratu zen. Ordukotz zorigaitzez hila zen, Donibaneko arrantzaleen apez higaturik, Kaiet Idiartegaray gure adiskide ona. Alta, denbora batez atsegin ginuen Erramun eta Kaiet elgarrekin musean arraraztea, biak berdin baitziren jokolari sutsuak.» *Mintzo zen ere MANEX ARBELETCHE bertze Hazparneko bikario batez. «Anaiak bezala ginen MANEX ARBELETCHE eta ni: biak adin berekoak, biek gerla egina eta biak preso egonak, biak omore onekoak eta biek irria maite. Halere bere mintza eta jokamoldeetan ni baino arinago eta moldegaitzago beharbada. Ttipia zelarik, Belokeko serora beneditanoetara joan omen zen behin, eta han, gasnategiko panderuan erori. Presoner zelarik aldiz, Alemaniako etxalde batean langile, ahantzi zuen zerri pixa-ziloaren tapatzea eta zilo hartan erori zen etxeko nausia, «Hans» deitzen baitzuten, alemanez Manex, «Hans»-ek entzun zituen bereak eta asto beltxarenak. Hazparneko ohidura zen igandeko meza nagusian, prediku aitzin, ezkontzera zoazin herritarren izenak edo «banak» adieraztea. Hain zuzen, Henri Andrein Hazparneko jaun auzapeza ezkontzera zoala, ez zen bertze berririk aipu herriko lantegi guzietan. Jendea igandeko meza nagusiaren beha zagon. Arbeletche apezaren aldi zen egun hartako «banak» agertzea. Agerraldi horren formula, betitik hunela eman ohi zen elizan: «Hau da "bana" hauen lehen eta azken agerraldia». Bainan egun hartan, jaun bikarioari desbideratu zitzaion mihia eta atera zuen, auzapezaren izena aipatu eta: «Hau da gizon hunen lehen eta azken ezkontaldia». Jaun auzapezak berak barkatu zion bekatua bere kusiari, baitzakien ez zela maleziaz ari izana, bainan erran behar da, kurritu zela berria bazterretan. Gaur, Manex Arbeletche, nere lagun maitea, bertze munduan da: auto istripu batean enbalierturik erretiratu zen erretorgoatik eta gero hil, Garazi aldean." *Piarres Larzabal apez idazlariak, aipatzen du LAURENT AYERZA. « LAURENT AYERZA zen hazpandar mutil zahar bat, seminarioan egonik, apezteari uko egin ondoan, bere bizi guzia eskola giristinoko irakasle higatu zuena. Bere eskola aitzinean bazituen bizpahiru ezkiondo eder. Une oroz, bere ikasleekin biltzen zituen ondo horien loreak, adiskideri eskaintzeko gisan arratseko tillura. Ayerzak berak prestatzen zuen tillura, guk ekartzen ginuen rhuma eta gero hasten ziren mus partidak eta solasketak. Ayerzaeneko lagundian biltzen ginen, parropiako bikariez bertzalde, Gaineko karrikatik, Henri Andrein farmaziena eta Louis Eteheverry okina. Kolejiotik, Berrouet eta Oxoby apezak. Misionesteitik, aita Luro eta Larrart. Arrangoitzetik edo Uztaritzetik, Leon Leon, apez idazle ezaguna eta, etxeko nagusiarentzat, gogoz eta bihotzez lagunik hurbilena. Zenbait irri zaflaren artetik, elgarrekin kurritzen ginituen herriko berriak eta munduko gora-beherak. Alemanen denboran ordea, arratseko hamarretan argi guziak itzali behar zirelarik, gure bi lagun, ontsa afaldurik, ez zirena, Gaineko karrikan gora, irrintzinaka hasi? Alemanak ondotik abiaturik, bi lagunek ihes egin zuten Kolejiora. Etsaiak joan ziren hara, Lopez de la Vega Superiora eta Gaztelu direktura gaizkitzera. Bi buruzagiek harroaldi ederra eman zioten bi hobenduneri. Orduan, hauenganik izan ginituen xehetasunak Ayerzaeneko bilkuran. Entzutekoak ziren berriketarien erasiak. Zinez, ahulak eta ezdeusak agertu omen ziren, etsaiaren aitzinean, bi buruzagiak. Bizkitartean, bi lekukoetarik batek zuzendu zuen: «Egia erran, Superiora bai norbait duk, bazakik buru egiten, bainan Gaztelu, tirrit, deus ez duk, perttoli bat!». Horra nola, gutartean, neurtzen eta haztatzen ziren batzu eta bertzeak, Ayerzaren bilkuretan.»
| |
|
|
|
|
|