ADORATZEKO GURE EZGAITASUNA

ADORATZEKO GURE EZGAITASUNA

Gizaki modernoa atrofiaturik gelditu da Jainkoa aurkitzeko. Arazoa ez da ateo izaitea. Gertatzen da «Jainkoa hautemaiteko ezgai» bihurtu dela. Gizon edo emazte bati, maitasuna molde beherakorrean bakarrik ikusi edo ezagutu duenean, beraren bizitza irabaziaren eta probetxuaren gogo egoistak bakarrik mugitzen duenean, zerbait idortzen zaio bihotzean.

Askok bizi dute gaur egun hertsitzen eta pobretzen dituen bizimolde bat. Arras goizik zaharkiturik, barnez gogorturik, beren bizitzako nihungo tarterik Jainkoari idekitzeko gaitasunik gabe, bidean dabiltza nihungo barne eta bidelagunik gabe.

Delp Alfred teologoak, naziek erail zutenak, «barne gogortasun» huntan ikusten zuen arriskurik handiena gizaki modernoarentzat: «Horrela, gizakiak ez ditu gehiago bere eskuak izarretara altxatuko. Gaur egungo gizakiak adoratzeko, maitatzeko eta beneratzeko duen ezgaitasunak beraren bizitzako neurriz gaineko handinahia eta gogortasuna ditu bere erroak».

Jainkoa adoratzeko ezgaitasun hau orobat nagusitu da fededun anitzez ere, soilik «Jainko baliagarri» bat bilatzen baitute, probetxugarri bat. Beren egitasmo indibidualistarako balio izango duten Jainkoa bakarrik dute amesten. Jainkoa, horrela, «kontsumo-gai» huts bihurtzen da, nork bere komenentziarako eta probetxurako erabil dezakeena. Jainkoa, ordea, beste zerbait da. Jainkoa Maitasun mugagabe da, gure giza bizitzan berean haragitu dena. Eta, Jainko hunen aitzinean, lehenbiziko gauza adorazioa da, bozkarioa, esker ona.

Hau guzia ahantziko denean, kristautasunak mundua gizatiartzeko ahalegin erraldoi huts bat bilakatzeko arriskua izango du, eta Eliza tirandura den erakunde izango da beti, lur jota bizi dena, borroka-gai eta ahalegin-gai duen arrakasta morala ez ardiesteko sentsaziopean bizi dena.

Bizkitartean, kristau-fedea, beste zernahi baino lehen, Jainkoaren ontasunaren aurkikuntza da, berak bakarrik salbatzen gaituelako esker oneko esperientzia: Betlemeko Haurraren aitzinean magoek egin duten keinuak, gizon egin den Jainkoaren aitzinean fededun orok bizi behar duen jarrera nagusia adierazten du.

Jainkoa bada. Existitzen da. Hor dago, gure bizitzaren barne-barnean. Berak onarturik gauzka. Ez gaude unibertsoan galdurik. Konfiantzaz bizi gintezke. Jainkoaren aitzinean, zeinaz Maitasun bakarrik dela baitakigu, ez da poza, adorazioa eta esker ona besterik. Horregatik, «kristau batek, uste duenean ez dela gehiago gai otoitz egiteko ere, gutienik poza bizi beharko luke» (Ladislao Boros).

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain