JESUSEK IDEKI BIDEA

JESUSEK IDEKI BIDEA

Kristau betetzaile anitzek «eginbide» edo «obligazio» huts bezala hartzen du bere fedea. Badu onartu «beharreko» sineskizun-multzo bat, nahiz ez duen ezaguna beraien mamia eta ez dakien bere bizitzarako zer probetxu duten; badu bete «beharreko» lege-kode bat ere, nahiz ez duen ongi ulertzen Jainkoaren izenean eman hainbat eskakizun; baditu, azkenik, «bete beharreko» jarduera erlijioso batzuk, ohikeriaz beteko baditu ere.

Fedea horrela ulertu eta horrela bizitzeak kristau-mota aspergarri bat sortzen du, Jainkoaren desiorik gabea eta sormenik gabea eta bere fedea kutsatzeko grinarik ez duena. Aski du «betetzea». Erlijione hau, bistan da, ez da batere erakarle; jasaiteko zail den zama bihurtzen da; alergia sortzen dio jende anitzeri. Ez zebilen desbideraturik Simone Weil (filosofoa) idatzi zuenean: «Jainkoarekin topo egiteko gogoa falta denean, han ez da fededunik, baizik eta Jainkoarengana beldurrez edo probetxu bila jotzen duen jendearen karikatura pobre bat bakarrik».

Lehen kristau-elkarteetan beste molde batean bizi zuten sinesmena. Kristau-fedea ez zuten hartzen «sistema erlijioso» bat bezala. «Bide» deitzen zioten eta biderik egokientzat proposatzen zuten esperantzaz eta bizitzari zentzu bat emanez bizitzeko. Erraiten da «bide berri eta bizi» bat dela, «Jesusek guretzat abian jarria», bide bat zeinetan barna «begiak haren baitan finko jarririk» (Hebrearrei 10,20; 12,2) ibiltzen baikira.

Arras garrantzizkoa da kontuan hartzea fedea ibilbide edo ibilaldi bat dela eta ez sistema erlijioso bat. Eta, bistan da, ibilaldi batean denetik izaiten da: ibilaldi gozagarria eta bilaketa-unea, gainditu beharreko probak eta gibelaldiak, hartu beharreko erabakiak, duda- mudak eta galdekizunak. Den-dena da bideko gorabehera: baita duda-mudak ere, anitzetan zirikagarriago izan daitezkeenak ohikeriaz eta lelo-lelo bizi izan hainbat ziurtasun eta segurtasun baino.

Bakotxak bere ibilaldia egin behar izaiten du. Norbera izan ohi da bere bizitzako «abenturaren» erantzule. Bakotxak bere erritmoa izaiten du. Ez da deusetan behartu beharrik. Kristau-bidean etapak eta etapak izaiten dira: jendeak une eta egoera desberdinak bizi ditzake. Inporta duena «bide egitea» da, gelditu gabe, entzutea denei egiten zaigun deia: molde duinagoan eta zoriontsuagoan bizitzekoa. Hau izan daiteke molderik hoberena «Jaunaren bidea prestatzeko».

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain