JENDE EZINDUENA GAITZAREN AITZINEAN

JENDE EZINDUENA GAITZAREN AITZINEAN

Batzuk laguntza-etxe batean daude, osoki barneraturik. Beste batzuk gure karriketan badabiltza noraezean. Gehien-gehientsuenak beren familiarekin bizi dira. Gure artean daude, baina nehor guti axolatzen da beraietaz. Eri mentalak dira.

Ez da lan errexa oinazearen eta bakardadearen munduan sartzea. Hein batean, bizitza kontziente eta afektiborik gabe bizi direlarik, ez zaiote errex egiten bizikide izaitea. Berorietarik anitz pertsona ahul eta zaurgarri dira, edota ikarak jota bizi dira beldurra dioten edota niholako axolarik agertzen ez dioten gizartean.

Antzina-antzinatik, ustekeria, beldur eta susmotxar-multzoa, murru ikusezin baten gisako zerbait eraikiz joan da, mundu ilun eta dolorezko horren eta gure burua «sanotzat» daukagunen artean. Eri psikikoak segurtasun-eza sortzen du, eta beraren presentzia iduri du beti arriskutsua dela. Jokabiderik zuhurrena gure «normaltasuna» defendatzea izaiten dugu, jende hori laguntza-etxe batean barneratuz edo gure ingurunetik urrunduz.

Eri hauek gizarteratzeaz anitz hitz egiten da gaur egun, baita berauek bizikidetasunean xertatzeak eska lezakeen sustengu terapeutikoaz ere. Baina hori guzia ez da izango teoria eder baizik, eri psikikoaren aitzinean jarrera-aldaketa sortzen ez bada, eta bakarrik senditzen den edo bere kideetarik baten eritasunarekin gainera datorkion problemari erantzuteko sostengu koxkorra duen hainbat familiari laguntza eraginkor bat emaiten ez bazaio.

Badira familiak beren kide maitea maitasunez eta pazientziaz zaintzen dutenak, sendagileekin baikor lan eginez. Baina badira familiak zeinetan eria zama ezin jasana gertatzen baita, emeki-emeki, bizikidetasuna gaixtatzen delarik eta familia guzia negatiboki jotzen duelarik, eriaren egoera makurtuz gainera.

Ironia bat da eri psikikoarentzat bizi-kalitate hobea, gizarteratzea edo premia afektibo, familiar eta sozialen ardura-eskubidea teorikoki defendatzen jarraitzea. Horrela izan beharko luke horrek guziak, baina, horretarako, ezinbestekoa da familiak funtsez laguntzea eta eria artatzen duten sendagileen eta harreman gizatiar eta adiskidetsuaz beraren ondoan egoiten dakiten pertsonen arteko lankidetza.

Zer leku izaiten dute eri hauek gure kristau-elkarteetan? Ez al dira bazter utzi handiak? San Marken ebanjelioak gisa berezian azpimarratzen du Jesusek «izpiritu gaixtoek harturik dauzkaten» hauei eskaini dioten arta. Jesusek pertsona gerizagabeenei eta ezinduenei gaitzaren aitzinean agertu dioten hurbiltasuna dei interpelagarri izango dugu beti.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain