ESKUA LUZATU

ESKUA LUZATU

Zoriontasuna, harrera eta ongi-etorri ona egiten daukutela senditzen dugun hartan bakarrik da posible. Harrera hori falta denean, bizia falta da, gogortzen da gure izaitea, eta sormena atrofiatzen. Horregatik, «gizarte hetsi bat gizarte etorkizun gabea da, marjinatuen bizi- esperantza itotzen duen gizartea da, azkenean bere burua hondoratzen duena» (Jürgen Moltmann).

Asko dira gaur egungo gizon-emazteak eremu hetsi eta esklusibistan bizitzera gomitatzen dituzten faktoreak. Gizartean segurtasun-eza, axola-gabezia edota oldarkortasuna haziz doazenean, ulergarria da nork bere «zoriontasun koskorra» segurtatu nahi izaitea, pareko eta iduriko senditzen direnen artean.

Gu bezalako den jendeak, guk bezala pentsatzen eta nahi izaiten duenak, segurtasuna emaiten dauku. Aldiz, gu ez bezalako den jendeak, guk ez bezala pentsatzen, senditzen eta guk ez bezala nahi izaiten duenak, kezka eta beldurra eragiten dauku.

Horregatik taldekatzen dira nazioak «bloketan», batak besteari kontrarioki begiratzen diolarik. Horregatik ibiltzen gira nor bere «segurtasun-eremu» bila, adiskideen eremu bila, gure izaera bereko ez direnei hetsia.

«Defentsiban» bezala bizi ohi gira, gero eta gaitasun ttipiagoko girelarik distantziak hausteko, adiskidetasun-jarrera hartzeko, pertsona ororentzat idekia. Hurbileko jendea bakarrik onartzera ohitu gira. Gainerakoak toleratzen ditugu edota axolagabe begiratzen diotegu, erreserbaz eta mesfidantzaz ez denean.

Inoxenteki uste izaiten dugu nor bere zoriontasun-puska ttipia segurtatzeaz kezkatzen bada, gizadiak bere ongizaiterantz bide egiten jarraituko duela. Eta ez gira jabetzen marjinazioa, bereizketa eta bakardadea ari girela sortzen. Eta gizarte huntan gero eta zailagoa izango dela zoriontsu izaitea.

Horregatik, Jesusen keinuari gaurkotasun berezia ageri zaio. Jesus ez da mugatu lepraduna garbitze hutsera. Eskua luzatu eta hunkitu dio; horrela, lepradunak bizikidetasunetik baztertzen zuten hainbat eta hainbat aitziniritzi, tabu eta isolamendu eta marjinazio-muga guziak ezabatu zituen. Jesusen jarraitzaileek deiturik senditu behar dugu, adiskidetasun idekia ekartzera gure gizarteko gizatalde marjinatuei. Asko dira hunkituko dituen jendearen esku luzatuaren beharra dutenak.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain