Ez da erranaldi bat gehiago. Ez dira ebanjeliotik baztertzen ahal litezkeen hitzak, deus garrantzizkorik aldatu gabe. Kristau-fedearen funtsezko muina agertzen duen baieztapen dira hitz hauek: «...Jainkoak hain maite izan du mundua, non bere Seme bakarra eman baitu».
«Jainkoak maite du mundua». Den bezalako maite du. Bururatu eta segurtasunik gabeko. Gatazkaz eta kontraerranez betea. Gauzarik hoberenerako eta okerrenerako gai dena. Mundu hau ez da ari bide egiten bera bakarrik, galdurik eta gerizarik gabe. Jainkoak besarkaturik dauka bere maitasunez lau aldeetatik. Garrantzirik handieneko ondorioak ditu hunek.
Lehenik, Jesus, beste deus baino lehen, Jainkoak munduari, ez kristauei bakarrik, egin dion «oparia» da. Ikertzaileak ari daitezke, mugarik gabe, Jesus horren irudi historikoaren alde askoz eztabaidan. Teologoek jarrai dezakete beren teoriarik zorrotzenak garatzen. Jesusengana Jainkoaren opari handitzat harturik hurbiltzen denak bakarrik aurkitu ahalko du haren baitan, emozioz eta gozamenez, Jainkoaren hurbiltasuna gizaki guzientzat.
Bigarrenik, Elizaren izaiteko arrazoina, munduan beraren presentzia bidezkotzat emaiten duen gauza bakarra, Jainkoaren maitasuna oroitaraztea da. Askotan azpimarratu du hori Vatikano II.a kontzilioak: Eliza «Kristok bidalia da Jainkoak gizon-emazte guziei dioten maitasuna agerian jarri eta komunikatzera». Ez da deus inportanteagorik. Lehenbiziko gauza gizaki guziei Jainkoaren maitasuna komunikatzea da.
Hirugarrenik, ebanjelariaren arabera, Jainkoak munduari Jesus opari handi hori egin dio, «ez mundua jujatzeko, baizik eta beraren bidez mundua salba dadin». Arriskutsua da mundu modernoaren salaketa eta gaitzespena egitarau pastoral oso bihurtzea. Guziekiko maitasunez bihotza beterik dugula bakarrik deitzen ahal diogu batak besteari konbertsiora. Jendeari Jainkoak gaitzetsia dela sendiarazten badiogu, ez gira ari Jesusen mezua eskualdatzen, baizik eta beste zerbait: beharbada, gure samindura eta sumina.
Laugarrenik, une hauetan, dena nahas-mahas, segurtasunik gabeko eta etsigarri dela iduri duen hauetan, ez gaitu deusek trabatzen bakoitzak munduan maitasun-apur bat ereitea. Jesusek egin zuena da. Ez dugu deuseren beha egoite beharrik. Zergatik ez dute izan behar une hauetan gizon-emazte onak, sufritzen ari direnentzat, munduan maitasuna, adiskidetasuna, urrikia, zuzentasuna, sentiberatasuna eta laguntza... xertatuko dutenak? Sufritzen ari diren hauek dute eraikitzen Jesusen Eliza, maitasunaren Eliza.
José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain