DENA EZ DA LAN EGITEA

DENA EZ DA LAN EGITEA

Parabola gutik eragin lezake gaurko parabola labur hunek baino ukapen handiagorik gure ekoizpen-, emankortasun- eta efikazia-kultura huntan: Jesusek Jainkoaren erreinua haziaren hazte misteriotsuarekin konparatu du, hazte hori ereileak esku hartu gabe gertatzen delarik.

Parabola hunek, hain gutietsia gaur egun, pazientziaz esperoan dagoen ereilearen eta hazia molde geldiezinean haztearen arteko kontrastea azpimarratzen du. Ereilea lotan den bitartean, hazia sortu eta handituz doa «bera bere gisa», laborariak esku hartu gabe eta harek «nola ez dakiela».

Usatuak gaude bakarrik, kasik, efikazia eta ekoizpena aintzat hartzera, eta ahanzten dugu ebanjelioa, emankortasunaz mintzo denean, ez dela ari gure ahaleginaz; izan ere, Jesusek uste du gizakia haztearen oinarrizko legea ez dela lana, baizik eta Jainkoarenganik hartuz goazen bizitzari harrera egitea.

Egungo gizarteak hartarainoko indarrez lehiatzen gaitu lanera, jarduerara eta emankortasunera non ez dugun gehiago sumatzen zertaraino pobretzen giren den-dena lan egitera eta efikaz izaitera murrizten dugunean.

Alabaina, «efikaziaren logika» hori egungo gizakia biziera tirabirazkora eta itogarrira herrestan eramaiten ari da, munduarekin eta jendearekin dituen harremanak gero eta gehiago ahultzera eta hondatzera, bere burua barnez hustera eta «immanentzia-sindrome» horretara (José María Rovira Belloso) [dena mundu-maila soilean ikustea] non Jainkoa desagertuz baitoa apurka pertsonaren zeruertzetik.

Bizitza, ordea, ez da lana eta emankortasuna soilik, baizik eta Jainkoaren oparia da, esker oneko bihotzez onartu eta gozatu beharko genukeena. Gizatar izaiteko, pertsonak jakin behar du bizitza bizitzen: ez jarrera ekoizleaz soilik, baita jarrera kontenplagarriaz ere. Bizitzak maila berri eta barnago bat hartzen du Jainkoaren maitasun dohainiko, kreatzaile eta dinamizatzailearen esperientzia bizitzea ardiesten dugunean.

Ikasi behar dugu adiago eta erneago bizitzen gure bizitzan opari dugun guziaz; barnean iratzarri eta piztu behar dugu esker ona eta gorespena; libratu behar gira «efikaziaren logikatik» eta eremuak ideki behar ditugu gure bizitzan dohaintza denarentzat.

Eskerrak eman behar ditugu gure bizitza alegeratzen duten hainbat eta hainbat jenderi, eta uko egin behar dugu kontenplatuak izaiteko bakarrik sortuak diren hainbat eta hainbat paisaia bazter uzteari. Bizitza graziatzat ahogozatzen du maita dezaten uzten duenak, eguneroko onak harritu dezan uzten duenak, Jainkoak graziaz bete eta benedika dezan uzten duenak.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain