«KONTUAN HARTU GABEKO IRAULTZA» BAT

«KONTUAN HARTU GABEKO IRAULTZA» BAT

Jesusek emazteen aitzinean hain jarrera harrigarria agertu zuen nun bere dizipuluak berak ere nahasi baitzituen. Gizona nagusi zen judu-gizarte hartan, ez zen gauza errexa Jesusen jarrera berri hura ulertzea, niholako bereizketarik gabe onartu baitzituen bere jarraitzaileen elkartean gizonak eta emazteak. Beraren jardueratik zerbait argi eta garbi ateratzen bada, gizonek eta emaztek duintasun pertsonal bera dutela da, emazteak ez duelarik zertan izan gizonaren mendeko.

Bizkitartean, kristauak ez gira oraino gai izan gure Irakaslearen jarrerari darizkion ondorio guziak ateratzeko. René Laurentin teologo frantsesak erran izan du, Elizak «kontuan hartu gabeko iraultza» dela.

Orokorki, gizonek mugimendu feminista guziak begi txarrez ikusten jarraitzen dugu, eta emaztearen gain dugun gure egoera pribilegiatua arriskuan jar lezakeen edozein planteamenduren kontra jarri ohi gira, isilpean.

Gizonek gidatua den Elizan ez gira gai izan gizonek emazteen kontra, gisa anitzetan, bizi dugun nagusitasunak berekin duen bekatua ikusteko. Eta egia erraiteko, hierarkiari ez zaio entzuten gizonak gomitatzen, Kristoren izenean, funtsez bihotz-berritzera.

Jesusen jarraitzaileek jabetu behar dugu emazteen gaineko gizonen nagusitasuna ez dela «berezko gauza bat», baizik eta egoismoak barna jarri portaera bat eta gure ahalmen matxistak zuzengabeki ezarria.

Posible ote da gizonen nagusitasun hau gainditzea? Jesusek gogo handiz eskatu iraultza ez da burutuko bata bestearen kontrako oldarkortasuna sustatuz eta sexuen artean gerla piztuz. Jesusek konbertsiorako deia egin dauku, gizon-emazteen arteko harremanak beste gisa batean bizitzera eramango gaituena.

Sexuen arteko desberdintasunak, beren funtsean bizi berri baterako duten egitekoaz gain, lankidetzara, sostengura eta batak bestearen hazkundera bideratu behar dira. Eta, hortarako, gizonek aise adiago eta zintzokiago entzun behar dugu, ebanjelioaren arabera, emaztea sendatzeko «indarra ateratzen zitzaion» gizon haren interpelazioa.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain