JESUSI BARNEA IDEKI

JESUSI BARNEA IDEKI

Ezaguna da istorioa. Elkor-mutu bat aurkeztu diote Jesusi; elkorra da, eta doi-doia hitz egiten ahal du. Zoritxar handia du bere bizitza. Bere burua bakarrik entzuten du. Ez ditzake entzun bere familiartekoak eta auzokoak. Ez dezake hitz egin bere adiskideekin. Ez ditzake entzun Jesusen parabolak ere, ezta ulertu ere beraren mezua. Bere bakardadean hesiturik bizi da.

Jesus elkor-mutua berekin hartu eta bere lan sendagarriari lotu da. Bere erhiak sartu dizkio beharrietan eta nihor entzutera uzten ez duen elkortasun hori garaitzen saiatu da. Bere tuaz hunkitu dio mihi paralizatu hura beraren hitza isurkor bihurtzeko. Ez da gauza errexa. Elkor- mutua ez da ageri batere lankide; azken ahalegin bat egin du Jesusek. Barna hatsa hartu, eta hasperen indartsu bat egin du zerura begira Jainkoaren indar baten bila eta, ondotik, eriari oihu egin dio: «Idek hadi!».

Atera da gizon hura bere isolamendutik eta, lehenbiziko aldiz, ikusi du zer den gainerakoak entzunez eta guziekin zabal-zabal hitz eginez bizitzea. Harriturik gelditu da jendea: Jesusek dena ongi egiten du, Kreatzaileak bezala, «elkorrei entzutea emaiten diote eta mutuei hitz egitea».

Ez da ustegabea ebanjelioek itsuen eta elkorren hainbeste sendatze kontatu izana. Kontaera hauek Jesusek landu gaitzan uzteko gomit dira, bera eta beraren hitza ikusteko eta entzuteko begiak eta beharriak ideki diezazkigun. Beraren mezuarekiko «elkor» diren ikasleak «hitz- motel» bezalako izango dira ebanjelioa mezutzean.

Elizan mentalitate «idekiaz» edo «hetsiaz» bizitzea buru-jarrera baten edo jarrera praktiko baten arazo izan daiteke, kasik beti norberaren egitura psikologikoaren edo hartu formazioaren fruitu izan ohi dena. Baina arazoa ebanjelioari «idekitzea» edo «hestea» denean, kontua garrantzi erabakitzailekoa da.

Jesusen mezuari elkor bizi bagira, beraren egitasmoa ulertzen ez badugu, atxemaiten ez badugu sufritzen ari direnekiko bizi duen maitasuna, gure problemen preso biziko gira eta ez ditugu entzuten ahalko jendearen problemak. Orduan ez gira gai izango Jesusen Berri Ona mezutzeko. Desitxuratuko dugu beraren mezua. Askori zail gertatuko zaiote gure «ebanjelioa» ulertzea. Ez al dugu senditzen Jesusi ideki beharra, bera uzteko gure elkortasuna sendatzera?

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain