IZARRARI JARRAIKI

IZARRARI JARRAIKI

Sobera jarriak gira magoen kondaerari. Bestalde, gaur egun arras denbora guti dugu izarrak trankilki kontenplatzen gelditzeko. Segur aski ez da denbora-kontu hutsa. Bizi giren aldi huntan errexago da gauaren iluna ikustea edozein ilunetan distira egiten duten puntu dirdiratsuak ikustea baino.

Hala ere, hunkigarri gelditzen da kristau-idazle haren baitan pentsatzea: magoen kontaera lantzean, gau ilunean irudikatu zituen, izar baten argi ttipiari jarraika. Piztuera ondotik lehen fededunek bizi zuten konbentzimendu sakona arnasten du kontaerak. Jesusen baitan bete dira Isaias profetaren hitzak: «Ilunpean zabilan herriak argi handi bat ikusi du. Itzalaren herrialdean bizi zireneri atera zaiote argia» (Isaias 9,1).

Arinkeria izango litaike uste izaitea gu aldi bereziki iluna, tragikoa eta larria bizitzen ari girela. Ez al da, hain justu, une hauetan sumatzen dugun iluntasun hau, frustrazio eta ezintasun hau, mendetan barna gizakiak bere ibilian kasik beti lagun izan dituen ezaugarrietarik bat?

Aski da historiaren orrialdeak idekitzea. Dudarik gabe aurkituko ditugu argi-uneak zeinetan askatasun handiak iragartzen baitira, zeinetan mundu berriak erdi-ikusten baitira, zeinetan horizonte gizatiarragoak idekitzen baitira. Eta gero, zer dator? Esklabotasun berriak eragiten dituzten iraultzak, problema berriak eragiten dituzten ardiespenak, azkenean «erdizkako aterabide» bilakatzen diren idealak, azkenean «erdizkako hitzarmen» bilakatuko diren borroka zuzenak. Berritz iluna.

Ez da harritzekoa erraiten zaiguna: «gizaki izaitea frustrazio-esperientzia da askotan». Baina ez da hori egia osoa. Porrot eta frustrazio guzien gainetik, gizakia berregitera heltzen da, esperantza izaitera itzultzen da, berritz bideari lotzera itzultzen da helburu baterantz. Beti izaiten da izar bat berritz pizten dena.

Fededunentzat, izar hori Jesusengana gidatzen gaituena izaiten da beti. Kristauak ez du sinesten edozein mesianismotan. Horregatik, ez da erortzen edozein desengainutan. Mundua ez da «etsipenezko kasua». Ez dago erabat ilun. Mundua bere salbaziorantz orientatua dago. Jainkoa izango da egun batez erbestearen eta ilunaren azkena. Argi bete-betea. Betleemera gidatzen gaituen izar baten argi apalean bakarrik ikusten dugu gaur.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain