ZER DA BARKATZEA?

ZER DA BARKATZEA?

Argia eta bipila da Jesusen mezua: «Maita zuen etsaiak, egin ongia hastio zaituzteneri». Daitekeena ote da jarrera hori bizitzea? Zer ari zaigu eskatzen Jesus? Maita al dezakegu etsaia? Beharbada, «barkatzeak» zer erran nahi duen jakitetik hasi beharko genuke.

Inporta du, lehen lehenik, gure baitan sortzen zaizkigun haserre, asaldatze eta oldarkortasun- sendimenduak ulertu eta onartzea. Gauza normala da. Zauriturik gaude. Gure buruari are kalte handiagoa ez egiteko, berreskuratu beharra dugu barne bakea; era/molde osasungarrian erreakzionatzen lagunduko gaitu.

Barkatzen duenaren lehen erabakia mendekurik ez hartzea da. Ez da gauza errexa. Erantzun kasik jitezkoa da mendekua, barnean sortua, zauritu edo umiliatu gaituztenean. Gure sufrimendua orekatu nahi izaiten dugu, kalte egin daukunari sufrimendua ezarriz. Barkatzeko, garrantzizkoa da energiarik ez gastatzea zein mendeku itzuli imajinatzen.

Erabakitzailea da, gauza guzien gainetik, erresumina/aiherkundea ez elikatzea. Ez uztea herra gure bihotzean ezartzen. Eskubidea dugu zuzenbidea egin diezaguten; barkatzen duenak ez du uko egiten bere eskubideei. Baina inporta duena, egin daukuten kaltea sendatuz joaitea da.

Barkatzeak bere denbora eska lezake. Barkatzea ez da nahimen-egintza bat, dena txistu batean konponduko lukeena. Komuzki, barkazioa prozesu baten azkena da, zeinetan parte hartu baitute sentiberatasunak, ulermenak, buru-argitasunak eta, fededunaren kasuan, Jainkoarekiko fedeak, zeinen barkazioa bizi baitugu guziek.

Barkatzeko, beharrezkoa da batzuetan gure sentimenduak beste norbaitekin partekatzea. Barkatzeak ez du erran nahi egin daukuten kaltea ahanztea, baina bai gogoratze hori gisa kaltegarri ttipienean egitea, nola iraintzailearentzat hala norberarentzat. Barkatzera heltzen denak hobeki senditzen du bere burua.

Barkazioa horrela ulertuz doanak ulertzen du Jesusen mezua dela, ezinezkoa eta kexagarria izan ordez, biderik egokiena giza harremanak, beti zuzengabekerien eta gatazken mehatxupean direnak, sendatuz joaiteko.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain