MAITATZEKO MOLDE BAT

MAITATZEKO MOLDE BAT

Kristauak gizarte batean hasi ziren ugaltzen zeinetan termino/hitz desberdinak erabiltzen baitzituzten guk maitasuna deitzen duguna adierazteko. Hitzik usuena "filia" zuten; hurbileko pertsona batekiko afektua/samurtasuna adierazten zuen, eta adiskidetasunaz, adeitasunaz edota ahaide eta adiskideekiko maitasunaz hitz egiteko erabiltzen zuten. Erabiltzen zuten ere "eros", plazer-joera, maitasun suharra edota, soil-soilik, gure baitan gozamena eta atsegina eragiten duenarekiko desira adierazteko.

Lehen kristauek, azkenean, alde batera utzi zuten terminologia hau, eta kasik ezezaguna zen beste hitz bat jarri zuten abian: "agape"; honi eduki/mami berri eta berezia eman zioten. Ez zuten nahasi nahi, Jesusen baitan inspiratu maitasuna edozein gauzarekin. Horregatik zuten «maitasunaren agindu/manamendu berria» ongi formulatzeko ardura: "Manamendu berri bat emaiten dautzuet: elkar maita zazue. Nik maitatu zaituztedan bezala, elkar maita zazue».

Jesusen maitasun-moldea ezin nahasia da. Ez zaio hurbiltzen pertsonari bere probetsu edo atsegin propioaren bila, bere segurtasunaren edo ongizaitearen bila. Soilik ongi egitea du buruan, harrera egitea, duenik eta hoberena opari emaitea, adiskidetasuna eskaintzea, bizitzen laguntzea. Horrela gogoratuko dute Jesus urte batzuk geroago lehen kristau- elkarteek: «Bere bizitza guzia on egiten eman zuen».

Horregatik, Jesusen maitasunak zerbitzu-jitea du. Premiarik handiena izan dezaketenen zerbitzari egin da Jesus. Lekua eskaintzen diote bere bihotzean eta bizitzan lekurik ez dutenei, ez gizartean, ez jendearen arduran. Ahulak eta ttipiak defendatzen ditu, beren burua defendatzeko ahalik ez dutenak, ez handi ez garrantzizko ez direnak. Bakarrik eta gerizagabe direnei hurbiltzen zaiote, nehoren maitasunik edo adiskidetasunik ezagutzen ez dutenei.

Ohikoa da gure artean, preziatzen eta zinez maite gaituztenak maitatzea, gure familiartekoekin eta adiskideekin maitagarri eta adeitsu izaitea, ondotik axolagabe izaiteko arrotz eta gure probetsuaren mundu ttipiarekin zerikusirik ez dutela uste dugunekin. Aldiz, Jesusen jarraitzailea bereizten duena, ez da nolanahiko maitasun bat, baizik eta gure premia dutenengana hurbiltzean datzan maitasun-molde hori. Ez genuke ahantzi behar.

José Antonio Pagola Itzultzailea: Dionisio Amundarain