Agur zuri, Abendua!

Agur zuri, Abendua!

Agur zuri, Abendua!

Berri onaren berri emaile, agur, zuri, Abendua; esperantzaren atari zara, iraupen luzez ondua; betiraunera begira jartzen diguzu adimendua
kunplitu zaren hortan baitzara kunplikizun-agindua.

Berri onaren berri emaile, agur, zuri, Abendua!

Salbamenaren egun alaiak jadanik erneta dagoz; behingoz erabat osatzeko den erreinuaren zain gagoz: behar zuena etorria da,

baina ez etortze osoz, etorri zena etorkizun da esperantzaren itsasoz. Salbamenaren egun alaiak jadanik erneta dagoz.

Negu gorritik udaberria atera ohi den antzera, halaxe goaz geldi ta nekez aro berrian sartzera itxuraldatuz, eraberrituz; justiziaren kolpera

jende ta mundu egokituko gara Jaunaren xedera. Negu gorritik udaberria atera ohi den antzera.

Etengabeko Abendu baten, horrelaxe bizi gara Jaungoikoaren erreinua noiz osotuko den hartara;

espero eta nahi genuena jadanik etorri bada,
bere legamiz mundu guztia behar du ondu ta para. Etengabeko Abendu baten, horrelaxe bizi gara.

Bitoriano Gandiaga.